Osasun publikoa ardatz duen prebentzio-politika batean, funtsezkoa da substantzien kontsumoarekin nahiz mendekotasun-portaerekin lotutako arazoen agerpena prebenitzea. Berebiziko faktorea da XXI. mendeko osasun-sustapenari dagokionez, eta diziplinarteko ahalegina eskatzen du, besteak beste, zaintzatik hasita eta osasunari buruzko aholkuak eta informazioa barne hartuta. Horregatik, bideratu beharreko esku-hartze prebentiboa ez da jarduteko eredu estatiko batetik abiatu behar, alderantziz, baizik: eredu dinamiko eta malgu bat izan behar du abiapuntu, eta herritarren unean uneko errealitatera egokitu behar da.
Orain, 2022-2026 aldirako Adikzioen Prebentzio Planarekin, Laudioko biztanleen egungo errealitatera egokitu nahi da prebentzio-eredua, beraz, gidalerro berriak idatzi baino lehenago, nahitaezkoa da aurreko plana behar bezala ebaluatzea, ebaluazio horretatik lortuko baitugu behar dugun orientazioa ekintza egokien eta hutsegiteen inguruan, urte hauetan izan diren kontsumo- eta portaera-aldaketen inguruan, eta, horrela, herritarren ikuspegi komunitarioa izanda, ikuspegi hori zimendu gisa hartu, eta Komunitate Prebentziorako Planaren oinarriak eraikitzeko lanari taxuz ekin ahalko diogu, beharrezko prebentzio-sareak sortzearekin batera. Sare horietan, pertsona guztiek identifikatuta ikusi behar dute euren burua, eta adikzioen prebentzioan aktiboki parte hartu behar dute, hala euren ingurune hurbilean eragina izan dezaketen ekintzetan, nola gainerako herrikideei eragin diezaieketenetan, argi edukita guztion artean askoz hobeto egiten dugula.