Euskadiko Adikzioen Plana euskal administrazio publikoen estrategiak eta jarduketak planifikatzeko, antolatzeko eta koordinatzeko tresna da, adikzioen prebentzioaren arloan eta haiek eragindako kaltea murriztearen arloan, eta adikzioei eta droga-mendekotasunei arreta integrala emateko ereduaren barruan. Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko apirilaren 7ko 1/2016 Legean jasotako aginduari erantzuten dio, eta, horrez gain, plana egiteko orduan, kontuan hartu dira Legeak aurreikusitako partaidetza- eta koordinazio-organoek egindako proposamenak eta adikzioen arloan jarduten duten beste kontsulta-organo batzuen eta erakundeen ekarpenak.
VIII. Planak Euskadik adikzioei eta droga-mendekotasunei aurre egiteko duela lau hamarkada hasitako ibilbidearekin jarraitzen du. Urte hauetan zehar, Eusko Jaurlaritzak, Foru-Aldundiek eta Toki-Erakundeek, beste instituzio, entitate eta erakunde batzuekin koordinatuta, adikzioen arloko plangintza eta araudia garatu dute; gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) droga-mendekotasunen edo adikzioen zazpi plan garatu dituzte, bai eta toki- eta foru-mailako plan ugari ere.