Erandioko Adikzioen Plana tresna estrategiko gisa sortu da; plangintza, antolamendu eta koordinaziorako tresna gisa, hain zuzen. 2023-2027 aldian prebentzio arloan burutuko diren programa eta jardueren multzoa jasoko du.
Udala da herritarrengandik gertuen dagoen administrazioa, eta lehentasunezko egitekoa dauka droga-mendekotasunei eta adikzio-jokabideei dagokienez. Tokiko administrazioari ematen zaizkion funtzioen artean osasunaren sustapena eta prebentzioa, daude, baita integrazio soziala, eskaintzaren kontrola eta esku-hartzeen koordinazioa ere. Prebentzio-ekintzak bultzatuko dira bereziki, batez ere adingabe eta gazteei eta herritar zaurgarrienei dagokienez. Hori dela eta, Euskadiko Autonomia Erkidegoaren VII. Adikzio Planean (2017-2021) eta Adikzioen Arreta Integralerako 1/2016 Legean ezarritako lehentasunezko ildo eta jarduera-ardatzen araberako udal planak egiteko beharra ikusi dugu.
Beraz, Legeak Udalari ematen dion eskumena betez eta aurreko planei jarraipena emanez, honako Plan hau onartu da. Orain arte garatutako ekintza eta programen ebaluazio teknikoak erabili dira plana bera egiteko, baina beharrizan berriak ere jaso dira; izan ere, udalerriaren errealitatea aztertzeko eta zuzenean eragiten dioten legeetara egokitzeko parte-hartze prozesu bat egin da.