Plan honen helburu nagusia, herritarren osasun integrala bermatzea da, gehiegizko kontsumo eta jokabide arazotsuak saihestuz. Osasun integralaz ari garenean, ez dugu adikziorik edo gaixotasun ezaz soilik hitz egiten; Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera, osasun integrala gizabanako baten ongizate fisiko, emozional eta sozialeko egoera dinamikoari deritzo, hau da, norbanakoak gorputz osasuntsua izateaz gain, psikoafektiboki ere ondo egotea eta bere ingurunearekin modu egokian harremantzea eta garatzea garrantzitsua da. Beraz, osasun integrala pertsona bakoitzak norbanako gisa dituen trebetasunak bultzatzean datza, herritarrak beraien bizi-proiektuetan ahaldunduz.
Estrategia hauen eratze-prozesuan, funtsezkoak izan dira herritarren eta gizarte-eragile esanguratsuen ekarpenak; batetik, udalerriko gaur egungo adikzioen errealitatea zein den sakonki jakiteko eta lehentasuna duten ekintzak zehazteko aukera eman dutelako eta bestetik, komunitatearen parte diren heinean, adikzioen aurkako borrokan aktiboki parte hartzeko balio izan duelako, herrian lortu nahi diren aldaketen protagonista bilakatuz.
Horretaz gain, tokiko planean jasotako helburu, ekintza eta programen garapenean oso garrantzitsua izan da udal prebentzio mahai teknikoaren parte-hartzea. Bertan, udaleko hainbat sailetako adituak, beraien ezagutzaz eta esperientziaz baliatuz, herritarren beharrei erantzuteko baliabide eta estrategia egokienak aztertzen eta bilatzen aritu dira.