Bilboko Udalak 30 urte baino gehiago daramatza adikzioen eta droga-mendekotasunen prebentzio integralarekin konprometituta. Oraingoan aurkeztutako Adikzioen Tokiko VI. Planak 2023-2026 aldian esparru horretan jarduteko jarraibideak biltzen ditu.
Dokumentuak Udalak arlo horretan lau urteko indarraldirako hartutako konpromisoak islatzen ditu, eta adikzioen arloan tokiko esparruan egiten diren programen eta jarduketen multzo ordenatua jasotzen du.
Adikzioen Tokiko VI. Plana plan aktiboa eta hurbila da, eta bat dator, gainera, 2019-2023 aldiko Udalaren I. Osasun Planaren esparruarekin eta Adikzioen eta Droga-mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko 1/2016 Legearekin. Planaren jarduketen bidez, komunitatearen parte-hartze aktiboa bultzatzen, babes-faktoreak sendotzen eta arrisku-faktoreak murrizten lagunduko da, betiere biztanle talde guztietara eta haien premietara egokituta.