Plan honen helburu nagusia, herritarren osasun integrala bermatzea da, gehiegizko kontsumo eta jokabide arazotsuak saihestuz. Osasun integralaz ari garenean, ez dugu adikziorik edo gaixotasun ezaz soilik hitz egiten; Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera, osasun integrala gizabanako baten ongizate fisiko, emozional eta sozialeko egoera dinamikoari deritzo, hau da, norbanakoak gorputz osasuntsua izateaz gain, psikoafektiboki ere ondo egotea eta bere ingurunearekin modu egokian harremantzea eta garatzea garrantzitsua da. Beraz, osasun integrala pertsona bakoitzak norbanako gisa dituen trebetasunak bultzatzean datza, herritarrak beraien bizi-proiektuetan ahaldunduz.
Tokiko Plan honek, datozen sei urteetarako (2023-2028) aurreikusitako ekintza, gidalerro eta udal politika guztiak barne-hartzen ditu. Laburbilduz, mendekotasunen esparruan eta Lea Artibai Amankomunazgoko udalerrietako herritarren arteko konpromisoa bultzatuko duen erreferentziazko dokumentua izatea nahi dugu; lehentasuna emanez herritarren osasun eta ongizatea bermatuko dituzten esku-hartzeei, bai norbanako eta giza-taldeei bizi proiektu baikorrak eraikitzeko baliabide eta laguntza eskainiz, bai ohitura eta jokabide arriskutsuak gutxitu eta ekidingo dituzten ekintzak sustatuz.